|
Astebete igaro da Politika kazetaritzareen bideetatik jardunaldiak antolatu genituenetik. Bertaratu ezin zenutenontzat ondorengo egunetan jarriko ditugu audioak eta bideo zatiak webgunean ikusgai, bitartean aurreko asteko argazki batzuk dituzue ikusgai. Astelehenean hasi zen hitzaldi sorta. Gorka Landaburu kazetaria izan zen gurean Patxi Elola gidari zuelarik. Aurkezpen luzea egin zion Patxik, Landabururen bizitzaren nondik norakoak aipatuz. Euskal Autonomia Erkidegoko gobernu aldaketa, ezker abertzalearen barne eztabaida, ETA eta azken urteetako politikagintza aztertu zituen Aldaketa 16ko zu zendariak.
30 lagun inguru bertaratu ziren asteleheneko hitzaldira. Galdera erantzunen garaian Jon Anzaren heriotzaz, Txikiren debekatutako omenaldiaz, datozen hauteskundeez eta beste hainbat kontuz aritu zen. Ordu t´erdi inguru iraun zuen hitzaldiak eta gustora atera ziren bertaratutakoak. 
Asteartean berriz Imanol Muruaren txanda izan zen. Kazetari zarauztarrak argitaratu berri duen Loiolako Hegiak liburuaren aurkezpena egin zuen. Leporaino bete zen kristau biltoki zaharra eta hainbatek zutik entzun behar izan zuten hitzaldia. Liburuak sortutako ikusmina eta gaiaren interesak 130 lagun inguru erakarri zituen hitzaldira. Liburuaren nondik norakoak izan zituen mintzagai eta adi adi jarraitu zuten entzuleek Muruak esandakoa. 
Berak aipatu bezala, hitzaldi serioa atera zitzaion eta galdera erantzunen atalean anekdotak kontatzeari ekin zion ikusleen barreak eraginez. Galdera ugari egin zizkioten ikusleek liburuak sortutako jakinminaren adibide. Lagun gaiztoak baditu Imanolek eta adarra ere jo zioten galderen bidez, azken galdera honekin amaitu zen bigarren egunekoa 21:30ak aldera. 
Iñaki Soto izan zen jardunaldiei amaiera eman zien gonbidatua. Garako kazetariak ezker abertzalearen barne eztabaida izan zuen hizpide. Leporaino bete zen azken egunean ere kristau biltokia. Kazetaritzaz, euskal gatazkaz, ezker abertzaleaz, ilegalizazioez, hainbat gaitaz aritu zen Zarautzen bizi den iruindarra. Euskal gatazkak beste gatazkekin dituen antzekotasunez ere aritu zitzaigun, Irlanda nahiz Hegoafikako gatazkekin alderatuz. 
Hitzaldi mamitsua eta interesgarria izan zen asteazkenekoa ere. Ikusleek ezker abertzalearen inguruan, ETAren inguruan, Hegoafrika prozesuataz eta beste hainbat gaitaz egin zizkioten galderak. Gustora atera ziren inguratu ziren 80 lagun inguruak. Asteazkenekoarekin amaitu ziren arrakastatsuak izan diren hitzaldiak. Esan bezala hurrengo egunetan izango dira ikusgai webgunean hiru egunetako hitzaldiak osorik, 
Eskerrik asko bertaratu zinetenoi, hizlariei, kristau biltokiari eta neguko egitarau taldeari. Biba zuek!
|